XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DANBO-DANBO PP-RA

PILOTA borobila dela esan ohi da.

Jokalariek esan ohi dute, batez ere.

Sekulako bueltak ematen baititu askotan.

Politika ere borobila da, nonbait.

Borobila ez balitz nola egingo zukeen topo Danboreneak Aznar-ekin?

Ezkerretik ezkerragora joz eskuinarekin egin du topo, alazankoa!

Besteren aldaketekin ezin harrituko gara, geu ere ez baikara toki batean egonak.

Baina Danborenearenak aho bete hortzekin utzi nau.

PPren mitinean ikusi nuenean eskerrak eserita nengoen, bestela, korderik gabe, zerraldo eroriko nintzen.

Danbor-enea izan da txiste erraza.

Berak ere ez du Ricardo eta García beharrik izan.

Dinbi-danba jo izan baitu.

Zirti-zarta haundikoa, bipila, gogorra eta espainol purua izan da beti.

Baina ezkerra ere benetakoa zuela uste genuen, ez txangoa.

Ezkerra eta eskuina bereizteko adina urte eta adimen ere bazituela uste genuen.

Gizonak zer aldaketa egin ditzakeen ez dago esaterik, jakina.

Eskubide osoa du, gainera, nahi adina aldiz aldatzeko.

Baina bat-bateko aldaketak ere arriskutsuak dira.

Pittinka pittinka egiten direnak hobeak, irmoagoak eta seguruagoak izan ohi dira.

Danborenearena, berriz, haundiegia eta bat-bateko egia gertatu da gauza onerako.

Danborenea ezkerretik zapuztu zitzaion PSOEri.

Geroztik ez dugu entzun eskuineratzen ari zenik.

PP ere ez da Aznar eta bere taldea bakarrik.

Franco maiteegia duen jende gehiegi du oraindik.

Maitea ez izan arren, onartuegia duena ere ugari da, noski.

Maitea eta onartua ez badu ere, jende gutxi da PPren barruan frankismoari benetan zaputz eta muzin egiten dionik.

Mercedes de la Merced-en miresle gehiegi da oraindik, zoritxarrez.

Espainiako eskuina ez da oraindik Frantziakoa eta Ingalaterrakoa bezalakoa.

Eta Danboreneak eskuin horrengana biltzeko eragozpen eta erreparo gehiago izango zituela uste nuen.

Egia esan, antifrankistagoa zela pentsatzen nuen.

Eta zerbaitek min ematen badit, Franco hain erraz ahazteak eta hain erraz ontzeak ematen dit.

Dena den, askorentzat eskandalarri izanik ere, balore haundia behar da honelako jauzi bat egiteko, guk uste bezain urrun bazegoen, behintzat, eskuinetik eta frankismotik.

Alde horretatik, zer pentsatua eman beharko lioke zenbait abertzeleri.

Oraindik jende gehiegik du lotsa EAJren inguruan biltzeko.

Beti demokrata, antifrankista, erdi aldekoa eta gizarte arazoez kezkatua izan den alderdira hurbiltzeko lotsaz eta erreparoz betea ikusten dugu zenbait abertzale, garai batean ezkerrreko ideologiak liluraturik bizi izan zelako.

Eta Euskadi aurrera atera nahi badugu EAJri lagundu beste biderik ez da hemen.

Ez da beste alderdirik horrela herrian itsatsi.

Eta HBk sortzen duen lausoa eta irudikeria ezabatzen denean, are eta garbiago geratuko da EAJ dela herri honen zutabe.

Danborenearekin harritu gara.

Baina bizi denak ikusiko du oraindik hankajoko ederra.

PSOEn ezezik PPn ere ikusiko dugu oraindik HBko bat baino gehiago.

Edo antzeko alderdiren batean, jakina.

UAn dagoen Santamaria ez al zen, bada, HBkoa izana?

Eta dena txikitu beste konturik ez daukaten gazte abertzale bipi hauek oso urrun al daude, beren jarreran, Europan indartzen ari diren talde neofaxista eta neonazietatik?

Muzkiz eta Artxandako narraxkeria ankerra eta bilaua edonork egin zezakeen, noski.

Baina giro lasaiegia zen Madrilgo jenerala hil aurretik, GALen antzeko norbait izateko.

ETAren inguruko taldeska erdi-autonomoetakoren bat izatea ez da harritzekoa, beraz.

HBk berak ere azkarregi salatu zituen Estatuko indarrak gauza onerako.

Eta oraintxen ere urduriegi dabil besteri egotzi nahian.